head

Aurkezpena

Durangoko Udalak, 2007. urtean iragarri zuen Uriko toponimia ikertzeko beka-deialdia.

2008ko urtarrilean epaimahaia eratu zen: Nerea Mujika, Destuko Unibertsitatetik; Jose Luis Lizundia, Euskaltzaindiko Onomastika Batzordetik eta Mari Jose Balier, Euskara eta Kultura Batzordeko presidentea zen aldetik. Idazkari legez, Juan Antonio Atutxa Udaleko euskara teknikaria aritu zen.

Epaimahaiak, ahobatez, Alberto Errazti Igartua jaunari esleitu zion Durango Uriko toponimiaren ikerketa-lanak egitea.

Urte eta erdi pasatu ondoren, Alberto Erraztik, 2009ko ekainean, ikerketan jasotako informazioa entregatu zuen Durangoko Udalean. Guztira 10.150 lekukotasun jaso ditu hainbat iturri dokumentaletik aterata: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala, Bizkaiko Elizaren Historia Artxiboa, Uribarriko Andra Maria Basilika, Bizkaiko Foru Artxiboa, Bizkaiko Gailurren katalogoa, Bizkaiko Haitzuloen katalogoa, Bizkaiko Probintzia Agiritegi Historikoa, Durangoko Nekazaritza Bulegoa, Durangoko Udal Artxiboa, Fuentes Documentales Medievales del País Vasco, Valladolideko Chancilleria, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Jabetza Erregistroak eta Santa Ana eliza.

Liburuak ere mordoxka arakatu ditu: Jaione Agirre, Antonio Mª Arginzoniz, Gurutzi Arregi, Manuel Azkarraga, Jose Angel Barrio, Fausto Antonio Beitia, Belen Bengoetxea, Roman Berriozabal, Alberto Errazti, Nestor Goikoetxea, Javier Ibarra, J. Ramon Iturriza, Estanislao Labairu, Jose Mª Larrakoetxea, Mª Angeles Larrea, Angeles Libano, J. Adriano Lizarralde, Nerea Mujika, Juan Olazaran, Jose Angel Orobiorrutia, Gonzalo Otalora, Angel Rodriguez, Eladio Romero, Javier Sagastizabal, Jose Mari Uriarte, Camilo Villabaso eta Vicente Zabala.

Laburbilduz, Alberto Erraztik 1.681 leku-izen jaso ditu Durangon: baserriak, mendiak, iturriak, eraikin interesgarriak, eliza, e.a. Horrez gain, kale-izendegia aldatzeko proposamena ere egin du, eta aldaketa batzuk Udaleko osoko bilkuran onartu dira, gainerakoak gerora aztertzeko gelditu direlarik.

Orain ikerketa-lan izugarri hau argitaratzea dagokigu, eta paperezko euskarria baino, digitala aukeratu dugu, alegia, web orria, uste baitugu bai Udalari bai interesa duen edonori errazago gertatuko zaiola ikerketa-lanean jasotzen den datu pila izugarria ordenagailu bidez eskuratzea.

Hortaz, Durangoko toponimia web honetan jasotzen diren leku-izenak laguntza ezinbestekoa dira Udalak etorkizunean izendatu behar dituen kale, industria-poligono eta edozein eratako eraikinei lekuan lekuko jatorrizko izena jartzeko. Eta espero dugu herriko ostalari, merkatari, etxegile eta antzekoek ere ikerlana kontsultatu eta, egoki baderitzote, baliatu ere egingo dutela.

Labur esanda, Durango uriko toponimia web honek gure kultur ondarearen harribitxi ezin preziatuagoak jasotzen ditu, aski ezagunak batzuk eta zokoratu samarrak beste batzuk. Guztion ardura da ahanzturaren geruzaz ez estaltzea.

Aitziber Irigoras Alberdi
Durangoko alkate andrea

 

Zure etxeari edo negozioari izena jarri behar diozu?

Izen zerrenda

 

oina iametza interaktiboa