Hasiera

Zuretzat

  • Zuretzat » 
  • Gurasoak » 
  • Albisteak » 
  • Endika Gandarias: "Bizieuskeraz Spinning Maratoia proba herrikoia izango da aurten"

Endika Gandarias: "Bizieuskeraz Spinning Maratoia proba herrikoia izango da aurten"

2012-05-23

Endika Gandarias

Endika Gandarias (Durango, 1980) ITG irabazi asmorik gabeko taldeko sortzaileetariko bat eta kidea da. Taldea 2008an sortu zuten Durango eta inguruetako hainbat gaztek, eta euren helburua pertsonen garapenerako ikerketa eta garapen taldea sortzea zen, Durangon eta inguruetan dauden beharrizan batzuei erantzuna emateko. Ekainaren 3an Durangon izango den Bizieuskeraz II. Spinning Maratoia antolatu du taldeak. Dagoeneko izen-ematea ia betea dago. 10:30etik 13:30era izango dira bizikleta gainean euskararen alde.

Iaz antolatu zenuten lehenengo aldiz Bizieuskeraz Spinning Maratoia. Zer moduzko esperientzia izan zen?
Esperientzia oso ona izan zen. Eguraldi bikaina egin zuen eta 150 lagun elkartu ziren bizikleta gainean. Guztira 150 bizikleta genituen euskararen alde pedal kolpeka beraz, helburuak beteta!

Nongo jendea izan zen iaz?
Egia esan hemen ingurukoek parte hartu zuten arren, asko zabaldu zen: Ermua, Eibar, Villabona, Zumaia, Donostia… 150 bizikleta jarri genituen eta guztiak bete ziren, beraz arrakasta izan genuela esan daiteke.

Iaz, txapelketa gisa planteatu genuen, aurten proba herrikoi bezala antolatu dugu, euskararen aldeko jai giro kutsua eman nahi baitiogu. Esan beharra dago dagoeneko 140 lagunek eman dutela izena, gehiengoa hemen ingurukoa, eta azken plazak baino ez daude libre.

Iaz, gehiengoak hiru orduak iraun zituen topera. Sei monitore egon ziren saioa gidatzen eta aurten eskualdeko pertsona ezagun bat ere izango da tartean.

Adina eta sexuari dagokionez, zeintzuk dira parte hartzaileen ezaugarriak?
Iaz neska eta mutilen parte hartzea nahiko parekatuta egon zen: neskak %51 izan ziren eta mutilak, berriz, %49. Aurtengo datu zehatzak ez ditut atera baina uste dut neskak gehiago izango direla.

Adin tarteari dagokionez, 25-45 urte artean dago parte-hartzaileen gehiengoaren adina (%69). Gehienak 35-45 artean (%36) daude, hala ere. 18 urtetik beherakoek ezin dute parte hartu, aseguru kontuak direla eta.

Zein helburu du ekimen honek?
Ekimen honekin euskararen erabilera sustatu nahi dugu. Ikusten dugu alfabetizazio mailan badaudela eskualdean hainbat elkarte lan paregabea egiten dihardutenak. Izan ere, Durangon euskararen ezagutza oso altua da, EUSTATen azken inkesten arabera ezagutza maila %73koa da, baina erabilera %17koa.

Ikastoletan euskararen erabilera ziurtatuta dagoela ikusten dugu, eta erabilera gabezia hortik aurrera hasten da. Inguruko gazte guztiek euskaraz ikasten dute, baina gero ez dakit zergatik utzi egiten diote euskara erabiltzeari, ez dakit, kalean, unibertsitatean, lantokian, … Erronka polita dugu denon artean buelta emateko.

Salerosketan ere euskaraz proiektua ere aurkeztuko duzue ekainaren 3an ezta?
Bai, hala da bai. Oso proiektu polita da eta nik uste dut eragin garrantzitsua izango duela Durangon eta inguruetan. Saltzailearen eta eroslearen arteko harremana euskaraz denean, erosleari txartel bat emango zaio. Bi hilabetetik behin, euskarazko aplikazioak dituen I-pad bat zozkatuko da.

Herrian euskararen erabilera bultzatu nahi dugu proiektu honekin, eta bereziki merkataritzan. Hau da, bai herritarrek eta baita merkatariek ohitura har dezaten Durangoko dendetan lehenengo hitza euskaraz egiteko. Badakigu denbora asko beharko dela bi aldeek lehen hitza euskaraz egiteko, baina pauso bat gehiago da eta lana gogor egin beharko dugula badakigu.

Irailean jarriko da martxan kanpaina hau, eta oraingoz urte baterako finantziazioa lortu dugu. Aurrera begira, kanpaina luzatzea da helburua.

Durangaldean 350-400 komertzio daude, eta gure asmoa lehenengo urtean 150 komertzio inguru kanpainara gehitzea da.

Kanpaina hau lantzeko Durangoko +Dendak Merkatari Elkatearekin eta Durangon Bai elkartearekin elkarlanean aritu gara, eta euren harrera bikaina eskertu beharrean gaude. Orain Mankomunitatearekin hizketan ari gara, egitasmoa Durangora bakarrik mugatu beharrean, eskualde osoan zabaldu ahal izateko. Pauso hori oraindik ez dugu eman, baina emango dugu.

Gainera, babesle nagusi bat lortu dugu, Degrémont Suez, Durangoko uren araztegia gestionatzen duen enpresa. Horri esker proiektuak aurrera egingo du.

ITG taldea dago egitasmo horren atzean. Zer da irabazi asmorik gabeko ITG taldea?
Pertsonen garapenerako ikerketa eta garapen taldea da. Durangaldeko hainbat gaztek sortu genuen taldea, guztiok hainbat saltsatan genbiltzan eta gizarteko beharrizanei erantzuna emateko helburuarekin taldea sortzea pentsatu genuen.

Spinning MaratoiaZein ekimen gauzatzen ditu elkarteak?
Gaur egun bost proiektu nagusi daude ITG taldearen barruan:
Orue eskola: Heziketa zikloak eskaintzen dituen eskola da. Bertan, Haur Hezkuntzako Goi Mailako Heziketa Zikloa eskaintzen da. Horrez gain, etengabeko lanbide prestakuntzako hainbat ikastaro eskaintzen dira, Hobetuz programakoak, aholkularitza…

Orue oporrak: ITGn, jakin badakigu, adineko pertsona bat zaintzea lan garrantzitsu eta handia dela, eta atsedenaldiak beharrezkoak dira. Horregatik, zaintza behar duten nagusientzako eta euren zaintzaileentzako oporraldiak dira.

Aste biko atsedenaldia proposatzen dugu inguru seguru baten, gu begirale eta profesionalen eskutik zaintzaz arduratzen garen bitartean, zuk bizitzako gauzak arrunt horiek egiten ditzazun: hondartzara joan, Bizkaiko zure txoko kuttun hortaz disfrutatu, lagunartean otordu bat izan edota, soil-soilik, osteratxo bat egin.

Auzolan senior: Inguruan dauden baserri guneetan jende asko dago ez duena zahar-egoitzetara joan nahi. Horregatik erabaki zen proiektu hau martxan jartzea. Horren baitan telelaguntza zerbitzua eskaintzen duen proiektua jarri dugu martxan Orue inguruko 40 baserritan, eta orain Arratian antzerako beste proiektu pilotu bat abian jartzeko asmoa dugu.

Gazteentzako auzolandegia: Gazteen eta nagusien arteko harremanak sustatzeko ekimena da. Izan ere, nagusiek asko dute gazteei emateko, eta baita alderantziz ere. Aurten lehenengo aldiz antolatu dugu nagusiek eta gazteek euren esperientziak elkar trukatzeko auzolandegia. Eraikin bat berriztatu beharrean, elkarren esperientziak konpartituz elkar aberastea da ekimen honen helburua.

Bizieuskeraz: Honen baitan proiektu bi ditugu. Batetik “Bizieuskeraz II.Spinning Maratoia”. Ekimen honen asmoa euskararen erabilera sustatzea da. Ekimen honekin egun batean, jai giroan euskararen erabilera sustatu nahi da. Gainera, kirola amu ona da eta spinning-a modan dagoenez, jende asko animatzen da.

Eta bestetik Salerosketan ere Euskeraz ekimena merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko. Aurtengo irailean jarriko duguna abian.

Taldeak proiektu guzti horiek aurrera eraman ahal izateko nondik lortzen du finantziazioa?
Alde batetik, erakunde publikoetatik jasotzen ditugun diru-laguntzak ditugu (Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia, eta Zornotzako eta Durangoko Udalak batik bat); I+G-ko proiektuetan gabiltza (adibidez, telelaguntzako proiektuarekin) eta Euskaltelekin, Tecnaliarekin… ari gara elkarlanean.

Beste aldetik, alde pribatutik, banketxeen gizarte ekintzatik, eta helduek eta gazteek ordaintzen dituzten kuotak daude.

Proiektu asko, esperientzia pilotuak izan ohi direnez, epe batean doan izan ohi dira, baina epe hori amaitzean kuota bat ordaindu behar izaten dute. Normalean zerbait sinbolikoa izaten da baina zerbitzuak ezin ditugu doan eskaini.


Proiektu horiek aurrera eraman ahal izateko, jende asko al zaudete ITG taldean?
Alde batetik, estruktura finko bat dugu eta bestetik, kolaboratzaile sare bat. Estruktura finko horretan hamar pertsona daude lanean eta gero beharraren arabera adituengana jotzen dugu, gure kolaboratzaile sarea osatzen duten horiengana.

Adibidez, spinning maratoia antolatzeko inplikatutako erakunde guztien laguntza behar-beharrezkoa da. Aurten, 27 erakunde ditugu inplikatuta eta 40 bolondres. Diru-laguntza publikoek berauek bakarrik ez dute ekonomikoki jasangarria egiten maratoia. Hortaz euskararen alde gimnasioek egiten duten bizikleten ekarpena, inguruko kamioilarien parte hartzea, udalen inplikazioa eta beste erakunde guztien partaidetza ezinbestekoak dira ilusio hau egi bihurtzeko beste behin ere.

Lan guztia boluntarioa da, ekimen honetan ez da euro bat bera ere irabazten. Durangoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dizkiguten diru-laguntzetako dirua aseguruetan, oparietan, asistentzia sanitarioan eta musika instalakuntzan gastatzen dugu. Ekimen hau, Durangoko erakundeen inplikaziorik gabe ez litzateke posible izango.

 

 

 

   

Bidali zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

Izena*
E-posta*
 
       

Zuretzat

             
  Etorkinak   Euskara ikasten   Merkatariak - Ostalariak  
  Etorkinak   Euskara ikasten   Merkatariak - Ostalariak  
 
  Gurasoak   Helduak   Gazteak  
  Gurasoak   Helduak   Gazteak  
 
  Aisialdia - Kirola   Elkarteak    
  Aisialdia - Kirola   Elkarteak    
 

Laguntza on-line

Agenda

 
atzera
Azaroa 2024
aurrera
 
 
 
 
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
 
 

Euskara ikasi
eta hobetu

iametza interaktiboak garatuta XHTML CSS WAI-A LEGE OHARRA Durango