Hasiera

Albisteak

Nerea Mujika: "Horrelako sari bat jasotzea lanean jarraitzeko bitamina txiki bat da"

2012-01-18

Nerea Mujika

Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Nazioarteko Egunaren harira Bizkaiko Foru Aldundiak eman ohi duen Lauaxeta Saria Gerediaga Elkarteak jaso berri du. Horren inguruan aritu gara elkarteko lehendakaria den Nerea Mujikarekin (Durango, 1960). Sari horren helburua euskara eta euskal kultura sustatzeko, hedatzeko eta normalizatzeko lanetan egindako ahaleginengatik nabarmendu diren pertsonak, taldeak eta erakundeak saritzea da.
 

Nola hartu zenuten sariaren berria?
Oso ondo. Azken batean sari bat beti da une pozgarri bat, gurekin gogoratu dira eta guk egindako lanak neurri horretako saria merezi izan du. Eta zer esanik ez Bizkaiko Foru Aldundiak emandako Lauaxeta Saria izatea. Oso pozik hartu genuen berria.

 

Zer suposatzen du horrelako sari bat jasotzeak?
Saria abenduaren 1ean jaso genuen, guretzat azoka bezpera zen. Gure eginkizun nagusia egun horietan azoka eta inaugurazioa prestatzea zen. Beraz, bertako hitzaldian saria aipatzeko aukera izan genuen. Ikus-entzunezko labur bat ere prestatu genuen sariaren inguruan. Egia esan, gure eguneroko jardunean ez zuen eragin handirik izan.
Gainera, une polita eta hunkigarria bizi ahal izan genuen sari banaketa ekitaldian, izan ere, bertan elkartu ginen Gerediaga Elkartea sortu zenetik elkartearen lehendakari izan diren ia pertsona guztiak. Aitzaki polita izan zen guztiak elkarrekin egoteko. Tartean behin elkartu izan gara, baina guztiok elkartzea oso berezia izan zen.

 

Eguneroko jardunean jarraitzeko laguntzen al du sari horrek?
Horrelako sari bat lanean jarraitzeko bitamina txiki bat bezala da. Gainera, aurten Lauaxeta Sariarekin batera beste bi sari ere jaso ditugu: bat Deia egunkariak ematen duen Hemendik saria, Durangaldeko elkarteei alor desberdinetan ematen zaiena eta azkenik, Abadiñoko Udalak ematen duena.
Guztiak udazkenean izan dira, eta horrelako sari batek sekula ez dizu kalterik egiten, beti mesede egiten dizu lanean jarraitu ahal izateko. Gainera, guretzat garrantzitsuena izan zen Lauaxeta Sariaren ondoren Gerediaga Elkartearen ibilbidearen berri izan zutela batez ere Durangaldekoak ez direnek. Durangaldean elkartea ezaguna dela uste dut, baina Durangaldetik kanpo azoka ezagutzen da, Gerediaga Elkartea ez. Guretzat propaganda handia izan zen saria, komunikabideen aldetik gehienbat.

 

Zein da zure zeregina Gerediaga Elkartean?
Ni Gerediaga Elkarteko lehendakaria naiz. Elkartean lau langile daude: kudeatzailea, administrazioko langileak eta azokako zuzendaria… Horretaz gain, elkarteak hainbat batzorderen bidez funtzionatzen du (ardi txakurren txapelketakoa, Astola urtekariarena…). Zuzendaritza batzordearen bitartez hartzen dira erabaki garrantzitsuenak gure elkartean. Durangaldeko herrietako ordezkariak biltzen dira batzordean, ordezkari horiek bazkideen artean aukeratzen dituzte. Elkartea bideratzea da nire zeregina, behar denean animatzea, akuilu izatea, animoak ematea, baita disgustuak hartzea ere.
Niretzat, modu pertsonalean, satisfazio handia da elkarteko lehendakari izatea, oso harro sentitzen naiz.

 

Lauaxeta Saria

Gerediaga Elkartea, besteak beste, Durangaldeko kultura eta ondarea suspertzeko sortu zen. Zein da zuen egitekoa?
Gure lana, hemendik udara bitartean, azokaz gain, beste ekitaldi batzuk antolatzea da. Ekitaldi xumeagoak izaten dira, noski.
Elkarteak hainbat lan lerro ditu, baina garrantzitsuenetako bat Durangaldeko ondarea babestea eta zabaltzea da. XXI.mendean hau nahiko arrunta da, eta normalean behintzat ez dago egoera larririk. Baina elkartearen oinarrizko estatutuetan, 1965ean zehaztuak, jasotzen zen lan lerro hori. Ondare materialean eta immaterialean lan asko egin du elkarteak, baina gerora hainbat elkarte (Berbaro Elkartea…) sortu dira eskualdean. Hala ere, ondareak gaur egun badu bere garrantzia eta urtero argitaratzen dugun Astola urtekariaren azken alean, adibidez, Durangaldeko ondareari buruzko azterketa argitaratu da. Bertan Gerediagak urteetan egindako lana azaltzen da.

 

Durangoko Disko eta Liburu Azoka da agian zuen zereginen artean ezagunena. Horrelako ekimen bat zuen elkarteak antolatzeak zer suposatzen du?
Ilusio handia. Guretzat erantzukizun handia da, baina erantzukizun horretan ez gaude bakarrik, bereziki azken urteotan. Auzolanean oso esperientzia ona ari gara izaten beste kultur eremu batzuetako arduradunekin. Alde horretatik oso pozik gaude, baina gure baliabideak hilabete batzuetan ia-ia horretarako bakarrik izatea suposatzen du. Hala ere, azokaz gain, udazkenean ekimen gehiago antolatzen ditugu: Dantzari Eguna, Artzain Txakur Txapelketa…
Gaur egun azokaren etorkizunak, batez ere formatu berrietara egokituz, azterketa itzela behar du. Azterketa hori, ordea, ez da elkarte barruan bakarrik egin behar. Hori dela-eta ahalik eta profesionaltasun maila altuena emateko helburuarekin gaian adituak diren profesionalen laguntza ere eskatu dugu.
Aldaketaren urratsak astiro eta ondo eman nahi ditugu. Azokak kulturak dituen formatu ezberdinetara egokitu beharko du, ez dago beste aukerarik. Gaur egun multimedia eta teknologia berrien arlo horrek kulturaren barruan pisu garrantzitsua du, beraz, horretara eta etorriko denera egokitu beharko du. Aldaketak ez dira egun batetik bestera ikusiko, baina pausoak sendo eman beharko ditugu.

 

Zenbat lagun zarete elkartean?
Bazkideak 400 inguru dira. Lanerako, berriz, hainbat lantalde txiki osatuta ditugu. Lantalde horiek osatzen dituztenak elkarteko bazkideak dira, eta jardueraren arabera pertsona batzuek edo beste batzuek osatzen dituzte. Azken urteotan bazkide berri dezente ditugu. Gazteak ere erakarri nahiko genituzke elkartera, hau azken urteotako apustua da, baina ez da lan erraza.

 

Nolako harrera du Gerediaga Elkarteak Durangaldean? Jendeak ezagutzen al du?
Nik uste dut oso ona duela. Ni oso estimatua sentitzen naiz, eta ez Nerea Mujika naizelako, baizik eta Gerediaga Elkarteko lehendakaria naizelako. Eskualdeko herri guztietan ditugu bazkideak eta urtero ekitaldiren bat antolatzen saiatzen gara herri guztietan. Orain arte behintzat, harrera oso ona izan du elkarteak.
Eskualdeko jendeak elkartea ezagutzen du noski, lehen aipatu dudan bezala herri guztietan ditugu bazkideak. Eskualdetik kanpo, ordea, jende gutxik ezagutzen du. Nik Bilbon egiten dut lan eta bertan Gerediaga Elkartea aipatzen dudanean inork ez daki zertaz ari naizen, baina Durangoko Azoka aipatzean, jende guztiak daki zertaz ari naizen. Badirudi gure marketina ez dela oso ona, jendeak azoka ezagutzen du baina hori antolatzen duen elkartea ez. Askok uste dute azoka Jaurlaritzak edo Aldundiak antolatzen duela.

 

Herritarrek parte hartzeko edo laguntzeko modurik ba al dute? Nola?
Bai noski, bazkide askok lantaldeetan hartzen dute parte, eta urtean zehar ekimen ezberdinak antolatzen egiten dute lan. Bazkideek 20€-ko kuota ordaintzen dute urtean. Elkartea denentzat dago zabalik, jende ezberdina izatea oso aberasgarria da elkartearentzat. Elkartean parte hartu nahi dutenek, zuzenean gurekin harremanetan jarri besterik ez dute, ateak zabalik ditugu guztientzat.

   

Bidali zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

Izena*
E-posta*


       
       

Laguntza on-line

Agenda

 
atzera
Azaroa 2024
aurrera
 
 
 
 
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
 
 

Euskara ikasi
eta hobetu

iametza interaktiboak garatuta XHTML CSS WAI-A LEGE OHARRA Durango