Hasiera

Albisteak

Jon Sarobe: "Dantza gure kultura zati bat da eta guztiz abandonatuta daukagu, ez dugu lantzen"

2010-10-05

Jon Sarobe

Urteak dira Jon Sarobe Ikobaltzetak (Durango, 1960) aurreskuan lehen jausiak egin zituela. Orduz geroztik maiz agertu da Durangoko udaletxe aurrean, San Fausto Jaietan, udal ordezkariei zein txupineroari dantza egitera. Aurten berak izango du pregoia eman eta txupina botatzeko ardura. Ez dio, hala ere, dantza egiteari uko egiten.

Aurten zuk emango duzu San Fausto jaietako pregoia. Nola hartu duzu albistea?

Hasieran harridurarekin, ez nuen halakorik espero. Uste dut, agian, Durangon badagoela jendea herriarengatik nik baino gehiago egin duena. Hala ere, pozik hartu dut. Urte pila dira herriarentzako dantza egiten dudala eta azkenean norbait nirekin ere gogoratu dela sentitu dut.

Prestatu al duzu zerbait?

Oraindik ez dut ezer prestatu baina argi dut euskaraz izango dela. Agian, agur bat gaztelaniaz egingo dut amaieran baina, printzipioz, guztia euskaraz egiteko asmoa dut. Uste dut horrelako egun baterako zerbait euskaraz prestatzea eskertzekoa dela.

Pregoia eman behar zenuela esan zizutenean, zalantzarik izan al zenuen hizkuntzarekin?

Ez, ez nuen inolako zalantzarik izan, argi izan nuen. Nire bi haurrak ikastolan dabiltza, euskaldun zaharra naiz… Ez dut sekula euskaraz ikasi, baina etxeko euskara jaso dut, kalekoa. Eta saiatzen naiz euskaraz bizitzen, bai lanean bai etxean.

Ba al duzu Durangon euskara arloan egiten diren ekimenen berri?

Bai, emaztea ikastolako Euskara Batzordean sartzeko asmotan da aurten, ilobak Berbaro Elkartean dabiltza… Inguruan badut euskara bultzatzeko egitasmoetan parte-hartzen duen jendea. Nik neuk ez dut inoiz izan denborarik horrelako ekimenetan sartzea planteatzeko ere.

Zer iruditzen zaizkizu horiek guztiak? Nahikoa direla uste al duzu?

Uste dut sekula ez dela nahikoa izaten. Azken batean, kalean, taberna inguruan eta abar, ikusten da zenbat jende moldatzen den euskaraz. Lana egiten da baina jendeak kontzientzia hartu behar du. Argi dut lehen hitza euskaraz egin behar dugula, eta agian denok ez dugu hori egiten.

Oraindik ez duzu pregoia prestatu baina zertaz hitz egin pentsatuko zenuen.

Oraindik ez. Noizean behin pentsatzen dut gero zerbait prestatu behar dudala baina hurrengo egunerako uzten dut. Azkenean, agian, inprobisatu egingo dut. Inprobisatu ez, uste dut pare bat ideia prestatuta eramango ditudala erreferentzia modura. Bestela zaila izango da. Argi dut laburra izatea nahi dudala, izan ere, uste dut jendeak ez duela denborarik han nire hitzen zain egoteko, nahiago izango dute txupina entzun eta bakoitzak bere planarekin jarraitzea.

Dantzan ibilita, ohituta zaude jendaurrean egoten.

Bai baina hau ezberdina da. Gauza bat da jende pila baten aurrean dantza egitea, zer egiten ari naizen jakinda. Jende aurrean hitz egitea, ordea, ezberdina da. Agian trabatu egingo naiz, ezin dut esan. Irten eta zenbat buru dauden ikustean, ea zer gertatzen den. Jende pila baten aurrean egin izan dut dantza, egun horretan pregoia entzuten egongo den jende kopurua baino gehiagoren aurrean baina inoiz ez zait gertatu burua altxa eta jende ugari dagoela konturatzea. Azkenean, bakoitzak bere trukuak ditu horrelakoak ekiditeko: puntu jakin batera begiratzea…

Profesioz ez zara dantzaria, ezta?

Ez, ez naiz dantzaria; beste lan bat daukat. Txikitan hasi nintzen dantzan, 5-6 urterekin. Aurreskua ikasten hasi nintzen. Hasieran, normalean, beste euskal dantza batzuk ikasten dira talde batean-edo eta gero zentratzen zara aurreskuan. Nik prozesua alderantziz egin nuen: lehenengo aurreskuarekin hasi nintzen (7 urterekin dantzatu nituen jendaurrean lehen aurreskuak) eta gero (10-11 urte ingururekin) sartu nintzen talde batean. Beraz, urte pila bat daramatzat dantzan.

Euskal Herritik kanpo ere ibili izan zara dantzan.

Bai, taldearekin ibili izan gara Frantzia aldean, leku askotan. Talde gabe ere Espainian zehar ibili izan naiz aurreskuak dantzatzen. Erroman ere egon nintzen. 1988an Erromara joan nintzen, eta Aita Santuaren aurrean eta hainbat enbaxadetan egin nuen dantza.

Durangon belaunaldi berriak animatzen al dira dantzara?

Horretan gabiltza Aitor Gurruño eta biok. Ostiraletan entseguak egin nahi ditugu. Aurreko ikasturtean haur batzuekin aritu ginen eta ea aurten ere hasten garen. Baina jendeak ez du zaletasunik. Kostatu egiten da jendeak izena ematea, mutilek bereziki.

Beti esaten dut gauza bera: hemen sevillanak ikasteko ordaindu egiten dugu, Sevillan normala da, denek dakite sevillanak dantzatzen; hemen, berriz, dantza gure kulturaren zati bat da eta guztiz abandonatuta daukagu, ez dugu lantzen. Ez dakit zer gertatzen den. Agian oso dibertsifikatuta dago orain umeen denbora (futbola, ingelesa…) eta guztiz kateatuta daude. Nekea hor dago baina…

Niri pena ematen dit, izan ere, urte askoan bizi izan dut dantza eta gustura ibili naiz. Gainera, ez da dantza egitea bakarrik, gure dantza egitea da eta horrek zerbait gehiago ematen du. Ea lortzen dugun jendea pixkanaka animatzea.

Gutxi gorabehera 30 urtez aritu zara San Fausto jaietan dantzan. Aurten zer asmo duzu?

Pentsatzen dut aurten ere egingo dudala dantza. Normalki dantza udal ordezkariei eta txupineroari egiten zaie baina nik dantza egiteko asmoa dut. Gainera, taldekoek egun horretan, aurreskuaren ondoren, beraiekin dantza egiteko eskatu didate, jende faltan dabiltzalako. Txupinero izango nintzela jakin aurretik baietza eman nien beraz, pentsatzen dut dantza egingo dudala. Oraindik udal ordezkariekin hitz egin behar dut baina ez dut uste arazorik egongo denik.

Eta, urtean zehar zu dantzan ikusteko aukera gehiago izango al da?

Uste dut baietz. Lehen baino gutxiago aritzen naiz, bai adinagatik bai ezker belaunean egindako hainbat ebakuntzagatik. Hala ere, hainbat saio egiten ditut (ezkontzetan, lagunartean, omenaldietan…), ez bakarrik jaietan.

   

Bidali zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

Izena*
E-posta*


       
       

Laguntza on-line

Agenda

 
atzera
Azaroa 2024
aurrera
 
 
 
 
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
 
 

Euskara ikasi
eta hobetu

iametza interaktiboak garatuta XHTML CSS WAI-A LEGE OHARRA Durango