Hasiera

Albisteak

Iker Ajuriagerra: "Udal langileak trebatu behar ditugu euren lana euskaraz egin ahal izateko"

2012-01-18

Iker Ajuriagerra

Iker Ajuriagerra (Eibar, 1980) Durangoko Udaleko euskara trebatzailea da. Bertako langileek euskaraz lan egin dezaten baliabideak eskaintzea du lanbide. 2008an Udalak onartu eta indarrean jarritako Durangoko Udaleko Euskara Plana. 2008-2012 garatzen dihardu 2010eko irailetik.

Zein dira, euskarari dagokionez, Durangoko Udalean dauden indarguneak eta ahulguneak?
Langile asko daude lanpostuari dagokion hizkuntza eskakizuna egiaztatuta dutenak (%90), hau da, euskaraz lan egin ahal izateko gutxiengo ezagutza dutenak.
Hala ere, lana, orokorrean, gazteleraz egiten dute. Hori dela eta, gehienek euskara maila galdu egin dute, baita euskaraz aritzeko konfiantza ere.

Udaleko zein sail hartzen ditu kontuan Durangoko Udaleko Euskara Planak?
Modu batean edo bestean, denak. Lanpostuaren arabera, asmoak ezberdinak dira: batzuek ahozkoa landu behar dute, beste batzuek idatzizkoa...

Zein helburu finkatu ditu Euskara Planak?
Helburu nagusia berbera da sail guztientzat: langile guztiak trebatu behar ditugu euren lana euskaraz egin ahal izateko. Sailaren arabera, landu beharrekoak eta erritmoak ezberdinak dira. Adibidez, herritarrekin harreman zuzena duten langileak ahalik eta arinen gaitu behar dira hizkuntza ofizial bietan lan egiteko. Baita osoko bilkuretako eta batzordeetako dokumentazioa lantzen dutenak ere.

Zein egitasmo gauzatu(ko) dira asmo horiek lortzeko?
Gutxi gorabehera badakigu zer landu nahi dugun, baina egitasmoak zehazteke dauzkagu. Momentuz, trebakuntzari hasiera emateko Euskara berreskuratze ikastaroa antolatu dugu irailetik ekainera. Ikastaroarekin 50 langilek euskara maila berreskuratzea nahi dugu. Horretarako, hiru taldetan banatu ditugu, egiten duten lanaren arabera dokumentu batzuk edo beste batzuk lantzeko. Hain zuzen ere, egunero erabiltzen dituzten dokumentuak izango dira ikastaroen ardatz, hau da, egiten duten lana euskaraz egiten irakatsi nahi diegu.

Iaz Udaleko euskararen egoerari buruzko azterketa egin zenuen. Zein ondorio atera zenituen?
Herritarrak zein beste administrazioak Durangoko Udalarekin harremanetan jartzen direnean, herenak euskara erabiltzen du. Horrek esan nahi du langile guztiak gai izan behar direla zerbitzua euskaraz emateko.

Beste azterketarik egin al zen Euskara Plana diseinatu aurretik? Hobekuntzarik nabaritu al da Plana indarrean jarri zenetik?
Hainbat lanketa egin dira, gehientsuenak herritarrei zuzenduak: merkatariei, elkarteei... Euskara Plan honek, aldiz, barrura begirako dinamikak jarriko ditu abian.
Momentuz arin da hobekuntzak igartzeko. Bideak zabaltzen aritu gara eta orain bidea egitea tokatzen zaigu; horrek emango ditu emaitzak.

Besteak beste, etorkizuneko ildoak zehaztu ziren azterketa hartan.
Uste genuena baieztatu genuen: zerbitzua euskaldundu behar dugu.

Aurten, urtean zehar burutu beharreko jarduerak diseinatu dituzue. Zeintzuk dira?
Nagusia lehen azaldu dudana da: Euskara berreskuratzeko ikastaroa.

Nolako harrera izan du?
Dinamikak abian jarri aurretik, politikarien, sail bakoitzeko buruaren eta sindikatuen babesa bilatu dugu. Oso jarrera ona erakutsi dute eta, horren ondorioz, helburuak lantzeko bideak zabaldu ditugu. Ondoren, langileei aurkeztu dizkiegu helburuak eta lan ildoak; eta hauek ere jarrera ona erakutsi dute. Hasiera honetan behintzat, lana egiteko borondatea eta giroa dago.

Indarrean dagoena 2008-2012 arteko Euskara Plana da. Zer nolako jarraipena egiten da helburuak lortzen diren jakiteko?
Sei hilabetean behin ebaluazioa egiteko Jarraipen Batzordea eratu dugu. Batzorde horretan, alderdi politikoak, sailetako buruak, langileen batzordeko ordezkaria, euskara teknikaria eta ni batzen gara.

Amaitzeko, aurrerantzean Plana nondik nora garatuko da, hau da, zein hutsune nabaritzen zaizkio Planari hurrengoan hobetu daitezkeenak?
Ikastaroa aurrera doan heinean, langile bakoitzaren eta sail bakoitzaren benetako beharrizanak argitzen doaz. Diagnostiko zehatz horrekin, hurrengo Planerako askoz helburu zehatzagoak jarriko ditugu. Halaber, nik, trebatzaile gisa, askoz argiago izango dut langile bakoitzari eskaintzen diodan laguntza pertsonala nolakoa izan behar den: idatzizkoa landu, konfiantza landu, ohiturak aldatzeko dinamikak...

   

Bidali zure erantzuna:

Ondorengo eremuak bete. "*" dutenak derrigorrez bete behar dira.

Izena*
E-posta*


       
       

Zuretzat

             
  Etorkinak   Euskara ikasten   Merkatariak - Ostalariak  
  Etorkinak   Euskara ikasten   Merkatariak - Ostalariak  
 
  Gurasoak   Helduak   Gazteak  
  Gurasoak   Helduak   Gazteak  
 
  Aisialdia - Kirola   Elkarteak    
  Aisialdia - Kirola   Elkarteak    
 

Laguntza on-line

Agenda

 
atzera
Azaroa 2024
aurrera
 
 
 
 
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
 
 

Euskara ikasi
eta hobetu

iametza interaktiboak garatuta XHTML CSS WAI-A LEGE OHARRA Durango