Argizaiola saria Imanol Urbieta musikariari emango diote
2010-11-25
Durangoko Euskal Disko eta Liburu Azokaren 45. edizioa abenduaren 4tik 8ra ospatuko da. 138 erakusle egongo dira 285 erakusmahaitan banatuta, eta 505 produktu berri jarriko dituzte salgai, guztira. Azokan, saltokiez gain, hiru gune egongo dira: Aretoa, Ahotsenea eta Haur Literatur Txokoa.
Aurtengo Argizaiola saria Imanol Urbieta musikariak jasoko du. 1992. urtetik ematen duten sariak, euskara eta euskal kulturaren alde lan egiten duten pertsona, talde eta erakundeak goraipatzeko helburua du. Saria, abenduaren 4an 20:30ean jasoko du San Agustin Kultur Gunean.
45. edizioko herrialde gonbidatua Kurdistan izango da eta abenduaren 5ean herrialde horretako idazle eta musikariek parte hartuko dute azokan, kurduen hizkuntza eta kultura gertutik ezagutzeko antolatuko diren jardunaldietan. Bestalde, urtero bezala Plateruena Kafe Antzokian hainbat kontzertu izango dira abenduaren 3tik 8ra. Besteak beste, Esne Beltza, Ken Zazpi, Gatibu, Atom Rhumba eta Bide Ertzean izango dira zuzenean.