Inicio

Noticias

Josu Unzueta: "Horrelako sariek idazten jarraitzeko indarra ematen dizute"

25-06-2010

Josu Unzueta

Josu Unzueta (Durango, 1961) durangarrak Basauriko Euskarabila elkarteak antolatutako Ipuin Erotikoen XV. Sariketa eta Durangoko Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia sariketa irabazi berri ditu. Unzuetak, 2001ean ere irabazi zuen Julene Azpeitia Sariketa eta 1991an Gauerokoak (Elkar) liburua argitaratu zuen.

Basauriko Euskarabila elkarteak antolatutako Ipuin Erotikoen XV. Sariketa irabazi berri duzu. Lehenengo aldia al da horrelako sariketa batetara aurkezten zarela?

Ez, duela hamar bat urte, durangarra izanik, Durangon antolatzen den Julene Azpeitia ipuin sariketara aurkeztu nintzen eta irabazi egin nuen. Aurten ere aurkeztu naiz Leizeak lanarekin eta aurten ere garaipena lortu dut. Badaukat nolabaiteko tradizioa sariketetara aurkezteko. Basauriko hau lortu dudan "garrantzitsuenetakoa" dela esan daiteke.

Nolatan animatu zinen Ipuin Erotikoen Sariketan parte hartzera?

Beti iruditu izan zaizkit kuriosoak ipuin lehiaketa horiek. Iaz lan bat bidali nuen eta ez nuen zorterik izan. Iazkoa oso ipuin berezia zen, nire ustez, agian erotikotasuna nahiko nabarmena zuen. Kontu horietan badirudi neurria harrapatzea dela gakoa eta aurten iazko esperientzia kontuan izanik erotikotasun horren maila jaitsi dut. Lan "finagoa" egiten saiatu naiz eta esan daiteke neurri egokiekin asmatu dudala. Nire ohitura ez da izan ipuin erotikoak idaztea, eta erotismoa lantzea. Erotismoa beste genero batzuekin lantzeko saiakera izan da. Erotismoa dramarekin lotu dut.

Zer kontatzen duzu saritutako lanean?

Saria jasotzera joan nintzenean nire lana zergatik aukeratu zuten esan zidaten eta arrazoi horietako bat, nire belaunaldian gertatutakoaren berri nahiko ondo islatzea da. Gure belaunaldian heroinaren eragina oso nabarmena izan zen. Saritutako lanean, pertsonaiak bere lagun batekin izandako erlazioa kontatzen dut, lagun hura drogaren eraginez hil zen. Historia, oroitze ariketa bat da. Dena telefono dei batekin abiatzen da, unibertsitate garaian lagun izandako neska bat hiltzen da, eta hori da abiapuntua. Neska horrekin sentitu zuena eta berarekin izandako harremana da kontatzen dudana.

Bestalde, pertsonaia hori gizartetik urruntzen nola joan den ere azaltzen dut; urteek aurrera egin ahala izaera nola joaten zaion ozpintzen.

Zergatik aukeratu zenuen belaunaldi zehatz hori?

Nik ezagutzen dudan eta bizi izandako garaia delako. Horrek asko erraztu zizkidan bai norabidea, baita pertsonaiaren diseinua ere. Idazten hasi nintzenean ez nuen buruan lehiaketa horretara aurkeztea, nolabait eszena erotiko nabarmenik ez zegoen. Gero, lehiaketara aurkeztea erabaki nuenean, eszena erotikoren bat txertatu nuen.

Normalean protagonisten psikologiatik idazten al duzu? Edo lan honetan bakarrik erabili duzu "teknika" hori?

Azken bi urteotan estilo horretako narrazioak idazten nenbilen, eta www.blogak.com/txistuytambolin blogean zintzilikatzen joan izan naiz. Blog hori, gaztetan Durangaldean argitaratzen zen Txistu y Tamboliñ literatura aldizkariaren haritik dator. Hainbat zenbaki paperean atera ostean, web-orri izatera pasa zen, eta web-orritik blogera pasa da. Azken bi urteotan bertan hainbat narrazio idatzi ditut, eta hau ere blogean zintzilikatzeko idatzi nuen, baina azkenean lehiaketara aurkeztea erabaki nuen. Blogerako idazten ditudan lanetan estilo ezberdinetako narrazioak lantzen saiatzen naiz. Lehiaketara aurkeztu dudan horretan, drama agertzen da, egoera bera nahiko dramatikoa da eta pertsonaia gizartetik urruntzen nola doan azaltzen dut. Baina gauza alaiagoak ere idatzi izan ditut.

Idazteko ohiturarik ba al duzu?

Bai, bai. Gaur egun blogean narrazio labur samarrak idazten ditut eta aforismoak ere bai. Lehiaketei dagokionez, hainbat urtetan albo batera utzita izan ditut, baina aurten bi lehiaketatara aurkeztu eta biak irabazi ditut. Oso gustura nago alde horretatik. Idazten jarraitzeko indarra ematen dizute horrelako sariek.

1991an Gauerokoak liburua argitaratu zenuen. Geroztik ez al duzu beste lanik argitaratu?

Ez, orduan zorte handia izan nuen. Ez nuen espero ezer argitaratzerik baina Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak, bazekien hainbat lagunek Txistu y Tamboliñ aldizkarian idazten genuela, eta zerbait bidaltzera animatu ninduen. Justu orduan narrazio labur ugari nituen, batzuk gustatu egin zitzaizkion eta horrela osatu zen liburua. Gerora aldiak izan ditut, agian urte batzuetan ia ez dut ezer idatzi eta beste batzuetan berriz asko; faseak izaten dira. Azkenengo bi urteotan berriro buru belarri nabil idazten.

Nondik datorkizu idazteko afizioa?

Gogoan dut nahiko gaztetatik dudala afizioa. Hasieran euskaraz idazteko erraztasunik ez nuenez, gaztelaniaz idazten nuen. Gerora, euskara ikasten eta aberasten joan ahala, euskaraz idaztera pasa nintzen. Hori 18-20 urte ingururekin izan zen Txistu y Tamboliñ aldizkarian. Durangaldeko lagunarteko aldizkaria zen eta nahiko ezaguna izan zen inguru horretan.

Durangoko Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia ipuin sariketa zein lanekin irabazi duzu?

2001ean aurkeztu nuenak, ez zuen zerikusirik oraingo ipuinarekin. Orduan, fantasia lantzera jo nuen. Ideia bat garatu nuen baina fantasiara eramana. Oraingo sariketarako idatzi dudana askoz errealagoa da, gure bizitzatik gertuago dago.

Aurten Leizeak lanarekin lortu dut garaipena. Aste Santuan lagun talde batek egiten duen mendi irteeran hasten da istorioa. Gidaren eta protagonistaren arteko elkarrizketa aprobetxatuta, tartean zeharka beste gai batzuk aipatzen ditut: kultur transmisioa kasu, horri buruzko hausnarketa bat. Garai batean gure aitona-amonek kontatzen zizkiguten ipuinak, tradizio hori galdu egin da gaur egun. Lamiak, leizeak, izaera mitologikoak… protagonistaren bizitzako pasarte batekin nahasten ditut. Azken batean, ahozko tradizioaren inguruko hausnarketa da.

   

Envíe su comentario:

Rellenar los siguientes campos. Los que tienen "*" son obligatorios.

Nombre*
E-mail*


       
       

Ayudas online

Agenda

 
atrás
Julio 2024
adelante
1
2
3
4
5
6
7
8
9
10
11
12
13
14
15
16
17
18
19
20
21
22
23
24
25
26
27
28
29
30
31
 
 
 
 
 

Aprende y mejora tu euskera

iametza interaktiboak garatuta XHTML CSS WAI-A LEGE OHARRA Durango